2010/01/24

OROIMENAren oinarri biologikoaz


Azken urteotan lan handia egin da ikerketa-eremu honetan, oroimenaren fisiologia hobeto ezagutzearren. Garuna neurona izeneko zelulez osatuta dago. Neuronek gorputza eta axoi izeneko isats antzekoa dute. Axoiak adar asko ditu eta adar horietako bakoitza harremanetan jar daiteke beste neuronaren batekin sinapsia deritzon egituraren bidez. Gainera, neurona bakoitzarekin beste neurona askoren axoien adarrek egin dezakete sinapsia. Beraz, neurona bakoitzean beste neurona askoren mezuak jaso daitezke eta neurona bakoitzak beste askotan utz ditzake bere mezuak.
Neurona bakoitzeko axoiak beste neurona askorekin egiten du sinapsia; modu berean, neurona bakoitzarekin beste neurona askoren axoiek egingo dute. Ondorioz, zirkuitu askoz osoturiko sare konplexua sortzen da.
Zirkuitu asko sortzen dira modu horretan eta hori dela medio, garuna elkarrekin harremanetan dauden neuronek osatzen duten zirkuitu-sare konplexua da. (Ikus ondoko eskema).
Informazio berria gordetzen dugun bakoitzean, zirkuitu berria irekitzen dugu eta bertan zirkulazioa erraztu egingo da aktibaturiko neuronetan ematen diren aldaketa funtzionalen bidez. Denbora pasatu eta zirkuitu hori erabiltzen ez bada, aldaketa funtzional horiek desagertu eta zirkulazioa lehen bezain zaila gertatuko da, horren ondorioz informazioa ahaztuko dugularik. Bestalde, informazio hori berriro errepasatzen badugu, neurona horien egitura-aldaketak emango dira eta informazioak zantzu iraunkorragoa utziko du; egoera horietan informazioak zantzua utzi duela esaten da, zantzu mnesikoa. (Ikus 10. orriko irudia).
Jaio ondoren neurona gehiago sortzen ez bada, eta egunetik egunera hiltzen zaizkigun neuronak (gure burua ondo zaindu arren, neuronak galdu egiten dira egunero eta ez da berririk sortzen; egunetik egunera, beraz, neurona-kopuru txikiagoa dugu) berritzen ez badira, nola liteke egunetik egunera oroimen-gaitasuna areagotzea? Egunero galtzen badugu ere, neurona asko ditugu eta horiek etengabe sinapsi berriak egiten eta zirkuitu berriak irekitzen dihardute. Neurona-kopurua nabarmenki jaitsi arte beraz, ez da oroimen galerarik sumatzen. Istripu larriren baten ondorioz, alkoholismoak eraginda edota Alzheimer bezalako gaixotasunak jota gertatzen dira galera ikusgarri horiek.

No hay comentarios: