2008/01/22

Oroimenari laguntzeko teknikak

1.- Istorioak asmatzea
Oroimen-gaitasunean eragiten duten faktoreak ikasi behar dituzu, baina gaia aspergarria iruditzen zaizu. Ikasgai horrekin istorio bat asmatzea erabaki duzu: “Liburutegi batean egiten dut lan. Nire lana txukun egin nahi dut eta liburu bat eskatzen didatenean, berehala aurkitu nahiko nuke. Hasteko, liburuak ongi gorde beharko ditut. Gaika antolatuko ditut liburuak eta gai bakoitzaren barruan, berriz, alfabetikoki kokatuko ditut aleak —antolaketa—. Liburutegiko krokis txiki bat egitea ez zait gaizki etorriko, horrela gai desberdinetako liburuak non gordetzen diren jakingo dut eta —eskema—. Gai beretsuko liburuak elkarren ondoan jarriko ditut; erizaintzakoak medikuntzakoen ondoan, adibidez, eta horien ondoan, biologiakoak, psikologiakoak eta soziologiakoak —loturak—. Beste hizkuntzaren batean dauden liburuen izenburuak itzulita azalean itsatsiko dizkiet—informazioa ulergarriagoa egin—. Horiez gain, lanean ari naizela, bi gauzaz ohartuko naiz: batetik, nire gustuko gaien inguruko liburuak beti errazago aurkitzen ditut —motibazioa— eta bestetik, gehien eskatzen dizkidaten liburuak errazago aurkitzen ditut beti, non dauden bai baitakit —errepasoa—".

2.- Loci-en teknika
Demagun, erosketak egitera zoazenean zerrendak gogoratzeko zailtasunak dituzula. Lanetik ateratzean, esnea, kafea, ogia eta tomateak erosi behar dituzu, baina zerbait ahaztuko zaizun beldur zara. Loci-en teknikari jarraituz, egunero egiten duzun bidean kokatuko dituzu erosi behar dituzun gauzak.

Lantokitik irteteko orduan, ataria tomatez gainezka dagoela ikusi dut; hainbeste tomate dago atarian, ateratzeko zailtasunak ditudala —tomatea—. Nola edo hala, lortu dut irtetea eta egunero gelditzen naizen semaforoan trafikoa erabat geldirik dago, bide-erdian baserritar batzuk behiak jezten ari direlako —esnea—. Pasatzea lortu dudanean, kafea hartzeko gogoa jarri zait; kafetegi batera sartu eta kafea —kafea— zopekin —ogia— eskatu dudanean, bertan dagoen jende guztia niri begira geratu da”.

Irudietan gure burua azaltzen bada, irudi horiek oroitzea errazagoa da.

No hay comentarios: